XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Han hobe bizi ziren.
Abu Zahir-en etxea handiagoa zen, lurrak aberatsagoak.
Eta ez zen bakarrik bizi, bi emazte eta hiru seme-alabekin baizik.
Horrez gain, beste seme-alaba ugari zituen, eta iloba kontaezinak, inguruetako herrietan bizi zirenak.
Zaharra zen. Eta jakintsua, adinak ematen duen jakituriaz.
Gurasoen jaioterria afganoa izanik, bera Iran-en jaioa zen, hirurogei eta hamar urte aurrerago.
Etxe aurrean eserita zegoela ikusi zuen afganoa hurbiltzen.
Ohizko agurrak esan ondoren bisitaria harira joan zen: - Milizia islamikoa iheslari batzuen bila ari da.
- Ez nekien ezer horretaz.
- Elikoptero bat lurreratu da nire txabola aurrean haien bila.
- Beraz, garrantzizko arazoa dirudi.
- Kazetari atzerritarrak omen dira.
- Eta, zer egin dute horrela bilatuak izateko? - Ez dakit. Baina dirua eskaintzen dute horiek bilatzeagatik.
- Dirua?- galdetu zuen Abu-k harriturik.
- Bai. Eta negozio bat proposatzera etorri natzaizu.
- Zein negozio? - Iheslariak milizia islamikoari entregatzen laguntzen badidazu, kobratutako sariaren laurdena zuri emango dizut.
Abu pentsati geratu zen.
Afganoak aldeko erabakia hartzera animatu nahi izan zuen: - Lan txikia eskatzen dizut.